San Joanak Tolosan: Antzinako eta oraingo tradizioak
San Joan zaindariaren jaiak oso kuttunak dira tolosarrentzat. Sentimendu ugari nahasten dira haietan.
San Joan sua
Ekainak 23
Ilundu berri duenean, 22:00etan, urtebete lehenago bildutako egurrari su emango zaio. Bertan direnek suaren gainetik salto egiteko aukera izango dute, eta baita Udaberri dantza-taldearen ikuskizunaz, Tolosako Musika Bandak interpretatuko duen San Joanetako Zortzikoaz eta Hodeiertz abesbatzaz gozatzeko ere. Horrez gain, kanpai-hotsak entzuteko aukera izango dugu, beste behin, Garikano anaiei esker.
Sinismenaren arabera, San Joanetako sutzarraren gainetik salto egiteak bere esanahia du, eta arima arazteko, espiritu txarrak uxatzeko eta urte osoan zorte ona edukitzeko edo uzta onak erakartzeko balio dezake. Zalantzarik gabe, une hunkigarria da, eta bakoitzaren sinismena edozein dela ere, irrikaz espero izaten da.
San Joan eguna
Ekainak 24
San Joan eguna iristeko emozio eta nerbioek are laburragoa egiten dute urteko gaurik motzena. Goizaldeko 5:30ean, Bordon Dantzariak zereginean erne eta tinko ibiltzen dira oraindik ere ihintzaz bustitako lizar-adarrak biltzen, Alde Zaharreko kaleetan jartzeko gero. Tradizioaren arabera, adar horiek uztak babesten dituzte.
Txistulariak Tolosako Udaleko alkatearen eta zinegotzien etxeetara joaten dira lehenbizi, eta, pixkanaka-pixkanaka, herri osoa iratzartzen dute. Orain dela gutxi hil den Joxe Mari Gorrotxategik urte luzez mantendutako tradizio bereziak ere aipamena merezi du, izan ere, San Joan egunean udaletxeko plazara joateko ohitura zuen, alkateari lore-sorta bat oparitzeko.
Bordon dantza
Une batetik bestera, danbor-hotsak eta txilibituak entzuten hasten dira: eskopetarien konpainia ezberdinak dira, eskopeta bizkarrean hartuta desfilatzen hasiaz. Gipuzkoarren eta nafarren arteko Beotibarko guduaren antzezpen bat da. Gaur egun, ordea, festa da nagusi. Ehunka kide jantzi koloretsuekin salbak botatzen doaz prozesioaren, txistularien udal-bandaren, bordon-dantzarien, udal-kideen, Tolosako Musika Bandaren eta txistularien pausoari jarraikiz.
Desfilean, hainbat une hunkigarri daude, horien artean Santa Maria Elizako Meza Nagusiaren irteera. Une batez, bordon-dantzarien lehenbiziko Zortzikoaren kaskabilo-soinuek eta bandaren eta txistularien doinuek eskopetari-konpainia ezberdinetako tiro-hotsekin bat egiten dute. Azken urteotan, Tolosako erraldoien konpartsak ere izugarrizko interesa piztu du.
Eguneko hainbat zehaztasun
Desfilean zehar bisitatzen den beste toki bereizgarrietako bat Tolosako elizarik zaharrena da, Arrameleko San Joan eliza. Ekainaren 23an eta 24an arratsaldez ematen da meza, bezperak eta konpletak, eta udalkideak jantzi dotoreekin ikus daitezke berriro. Kuriositatez, zinegotzirik gazteenak sindikoa darama: krabelinez betetako ezpata eta zapi zuria Tolosako ezkutuarekin, Beotibarko guda irudikatuz. Irteeran, San Joan eskultura bera, Arrameleko baseliza eta Santa Maria eliza apaintzen dituzten krabelin famatuak banatzen dira.
Arratsaldeko protagonistetako bat Bordon-Dantza da. Dantzariek goizean zortzikoa dantzatzen dute, baina haiei izena ematen dien dantza arratsaldean egiten da. Informazio-iturri batzuk diotenez, Beotibarko gudua irabazi zutela ospatzeko dantzatu zen lehenbizikoz, baina inork ezin du baieztatu.
San Joan eguneko alardea Triangulo plazan amaitzen da, alkateak eta udalkide guztiek herri osoarentzat dantza egiten dutenean. Goizean Justizia Plazan egin bezala, azkeneko salbak hemen botako dira, kapitain jeneralaren eta alkatearen zuzendaritzapean.
Egunaren bukaeran
Eskopetarien desfilea amaitzean, bordon-dantzariak protagonistak izango dira beste behin. Zumardi Handian, soka-dantza eta Aurreskua dantzatuko dute, aurreskuaren eta atzeskuaren (soka-dantza hasten duena eta amaitzen duena) arteko desafioa hain zuzen. Publikoko jendea ateratzen dute dantza egitera eta omenaldi txiki bat egiten diete.
Azken tiro-hotsek datorren urtera arte agur esango diote bolbora-usainari, baina denbora luzez oroimenean edukiko ditugun une, usain eta soinuak utziko dizkigute.
Argazkiak eta testuak: Tolosako udala
Beste hurbileko ostatuak
DENA IKUSI
KORTETA
Tolosa
KARMENTXU PENTSIOA
Tolosa
OYARBIDE PENTSIOA
TolosaNon jan
DENA IKUSI
CASA JULIÁN
Tolosa
ISASTEGI
Tolosa