Gastronomia - Sin categoría
Bertako haragien azoka
Inguruko ekoizleen produktuen aniztasunari egingo dio gorazarre, beste behin, Bertako Haragien Azokak, Tolosan.
Maiatzaren 15etik 18ra ospatuko da, eta ekoizleen azoka, dastaketak, tailerrak, gisatuen lehiaketa bat, eta musikaz gozatzeko aukera uztartuko ditu.
Euskal Herriko haragi mota ugariren plaza izango da Tolosa, maiatzaren 15etik 18ra. Bertako Haragien Azokak, gertuko ekoizleen eskaintzaren aniztasunari balioa eman eta gerturatu ez ezik, salerosketa, dastaketak eta musika ere uztartuko ditu.
Ekoizleen azoka, hitzordu nagusi
Larunbateko Bertako Haragi Ekoizleen Azoka izango da hitzordu nagusia. 09:00etatik 14:00etara haragi mota ezberdinak ekoizten dituzten ekoizleen postuak izango dira Trianguloan: behiki, zaldiki, edota txerrikiak, esaterako. Bost izango dira guztira:
- Aralar’eko – Muxal haragia – Amezketa
- Zuzitza baserria – Txekor haragia – Amezketa
- Ueta etxaldea – Txekor haragi ekologikoa – Lizartza
- Argaia-Goena – Txerriki eta txekorkia – Amezketa
- Amalarre – Larre haragi ekologikoa – Bidania-Goiatz
Haragia dastatzeko aukera ere izango da, 10:30etik aurrera. Zuzeneko erreketa egingo da
Trianguloan bertan: Berastegiko arkume ekoizleen burduntzi eta zikiro erara erretako arkume pintxoak, eta Smoker ketuan egindako solomo-buru pintxoak dastatu ahal izango dira. Azokako postuetako haragi pintxoak ere dastatu ahal izango dira. Tiketak egunean bertan eskuratu ahal izango dira Trianguloan.
Zumarditxikia, aisirako gune
Aisirako aukera ere izango da Zumarditxikian, haragiarekin egindako produktuen eskaintza izango duten foodtruck postu eta zuzeneko musikarekin. Zabalik izango da ostiralean (18:00-00:00), larunbatean (12:00-00:00) eta igandeean (12:00-16:00).
Bost postu izango dira gune horretan: Harakno, Carnicas Goya-Mele mele, Basque Truck, Ondalan eta Kemekomo. Tolosaldeko eta Euskal Herriko ekoizleen produktuekin osatutako platerak eskainiko dituzte.
Kontzertu eskaintzari dagokionean, Peachy Joke, Maskak, DJ Makala, Txinosound, Anne Leux, Heitxi, Arnau And The Honky Tonk Losers, DJ Bitter Ama & Txino eta Mogumbo brass band arituko dira. Ordutegiak jarraian daude, baita https://tolosakoazoka.eus/haragienazoka/ webgunean ere.
Gunearen muntaketa lanak egiteko, asteazkeneko 06:00etatik aurrera autoak atera beharko dira Zumarditxikitik. Astelehenean, hilak 19, desmuntatze eta garbiketa-lanak amaitu bezain pronto irekiko da aparkalekua.
Lotutako artikuluak
IKUSI GUZTIA
Hernialdeko Ostatua, parrillan egindako arrainak
Hernialde
Tolosaldea bisitatzeko udako gida